Harrituta irakurri dugu Mendiguren Elizegiren azken artikulua Juaristiren presentzia Euskararen Aholku Batzordean defendatzen.

Harrituta, baina haserrea atera ezinik!

Eta ez, hain zuzen, inork horretan antzeman zezakeen iritzi-desberdintasunagatik, ez, horrek haserretu baino gehiago eztabaidarako adorea pizten baitu normalean.

Artikuluari isurtzen zaion kriterio-anabasa posmodernoa da benetan kezkagarria eta haserrea izoztu diguna.

Hitz-jarioaren inkontinentzia gorabehera, horrelakoetan ez du balio etsaien ustezko balio intelektualaz eta etsaien zinezko balio praktikoaz (zein etsai ez da ona hartatik eta hartaz ikasteko?) argudiatzeak, eta, tolerantzia eta balore demokratikoak direla medio, kapelatxo erretorikoa atera, eta hauts magikoak hemendik, pase toreroak hortik, gero untxitxoa, txuri-txuria, jendearen aurrean ateratzeak, eta, amaiera biribiltzeko, erdal praktikanteen aurkako jipoiarekin Juaristi beatifikatzeak.

Argudio mota horrekin laster otuko zaigu Ratzinger-i, eliza katolikoaren fede-hedapenerako plangintzak egiteko orduan, ateoak ere Konferentzia Episkopaletako kide izenda ditzala eskatzen hastea.

Baina ez, ez du balio, ez eztabaida serio baterako behintzat.

Euskaldunok gobernuaren erabaki batzuekin barnean sentitzen duguna ez da gure ahalmen “prelogikoa” hutsagatik izaten, ez eta gure erraietatik sortu ohi den amorrazio alimaleagatik ere.

Eta oraingo kasu honetan ere ez da horregatik.

Joko dialektiko eta artifizialen gainetik, hemen denok jakin behar genuke zer erabakitzen den Juaristiri domatzailearen papera eman zaion zirko madarikatu honetan: izena eta izana dituen hizkuntza baten biziraupena da jokoan dagoena, horrela, huts-hutsik eta besterik gabe, euskararen iraupena.

Eta Juaristiren izendapenarena eta beste hainbatena ez da Vayasemanitako esketx anekdotiko bat edo euskaldun tristearen irribarre-ahalmena pizteko Gobernu Baskoak montatu duen boutade bat.

Gure hizkuntzaren biziraupen (“normalkuntza” deitzen diote batzuk) prozesuaren barneko hari eta estrategia erabakigarriez ari gara. Eta haren esparruko erakundeak erabakiorrak eta erabakigarriak dira, besteak beste, zoritxarrez, “hizkuntza-politika” zehatza erakunde horietako pertsonek bideratzen eta erabakitzen dutelako. Hiztun arruntok baino askoz gehiago, ez zalantzarik izan.

Juaristi unamunianoa da bere zentzu hertsienean. Afizioz eta ofizioz, bilbotar haren irudia du eredu eta haren ispiluan ikusita kalkatu nahi izan ditu beti bere buruari prestatu dizkion pertsonajilo guztiak. Berdin katoliko-militar, judutar baketsu, ezkerreko inteleztual, eskuineko pistoloidun edo higuina sor dion hizkuntza baten normalkuntzarako batzordekide, Juaristiren bokazioa antzerkia da (a, nolako estetika PLopez-en ondoan erakutsi zuena!) eta inkoherentzia guztiak trasegatzeko ahalmena du RiberadeDuero on baten argipean.

Eskubidea du; eta inork ez dio hori ukatzen.

Baina Juaristik oso garbi du aspaldi utzi ziola euskal mundua dei edo litekeen honen partaide izateari.

Bere burua unibertsaltasunerantz deitua zuela eta, aspaldi geratu zitzaion probintziano eta txikiegi euskaraz mintzo den munduska hau. Are gehiago, nonbait azalean garauak ere sortzen zizkioten eta sortzen dizkiote euskal munduak, euskararen etorkizunaz arduratzen direnek txapeldunek. Adibide baterako, eta ulertze-arazoak gorabehera, etnografi lan baterako litzateke jakitea noizdanik ez duen herriko txapeldun horietakoren bat ikusi eta harekin hitz egin euskaraz.

Izan ere, Juaristiren euskara euskara protesiko-filologikoa baino ez da, inolako kultur atxikimendurik sorrarazten ez diona, eta inolako hizkuntz identifikaziorik ez dakarkiona. Euskaraz hitz egiten du besteok latinez hitz egiten genuen gisa berean: distantziatik, makuluekin, paperen gainean eta, ahal zelarik, novempompulaniako erromatarrik ez aurkitzeko itxaropenarekin.

Eta eskubidea du horretarako ere.

Eta eskubidea du, baita ere, euskara batua swahilia bezain interesekoa duela esateko, eta bost axola zaiola aldarrikatzeko, eta euskara bateratu horren normalkuntzaz eta etorkizunaz ez kezkatzeko eta, are, paso egiteko.

Baina arrazoi horiek berek ematen dute aditzera Jon Juaristik ez duela Euskararen normalkuntza prozesua sustatzeko eta bideratzeko den Aholku Batzordean egoteko zilegitasunik.

Eta are zilegitasun gutxiago euskararen normalkuntzaren aldeko apustua egin duen eta konpromiso irmoa erakusten duen gizarte honi bizkar emanez eta hartaz iseka eginez.

Juaristik ez du Euskararen Aholku Batzordean egon behar!

Berriro eta ozenago errepikatuko genuke, inoren buru egoskorra bigunduko zela jakingo bagenu: 

Juaristik ez du Euskararen Aholku Batzordean egon behar!

Juaristiren destituzioa da Kultura Sailak euskaldungoari zor dion lehen normalkuntza-lana!

                                               (A.M.)